
'Birziklatzeak badu saria' kanpaina Urola Garaiako lau herrietara ekarriko dute
Goierri Kanpainaren helburua zaborra birziklatzen duten herritarren lana saritzea dela diote Sasietatik.
miriam luki
Sasieta Mankomunitateak martxan jarritako Birziklatzeak badu saria kanpaina Urola Garaiako herrietara heldu da. Atzo, Zelai Arizti kultur etxean egindako agerraldian kanpaina honen berri eman zuten Juan Martin Aldaregia Sasietako lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Iñaki Zabala Urretxukoak, Sotero Plazaola Legazpikoak eta Marijo Telleria, Ezkio-Itsasoko alkateak.
Aldaregiak hitza hartu eta kanpainaren helburua zein den agertu zuen «Sasietatik martxan jarri dugun kanpainaren helburua euren zaborra birziklatzen duten herritarren lana saritzea da». Bide batez, birziklatzen ez dutenengan jakinahia eta birziklatzeko gogoa sortzea ere bada kanpaina honen xedea.
Kanpainaren ardatza birziklatzen dutenen lana saritzea izanik, kupoiak aurkitzeko aukera izango dute herritarrek eta kupoi horiek sariengatik aldatu ahal izango dituzte euren herrietan karpak jartzen dituzten egunetan. Iñaki Zabalak adierazitakoaren harira, «herritarrek ez dute ezer berezirik egin beharrik, zaborrak birziklatzeko sailkatu eta gero, zabor puntura jaitsi eta zorte pixka bat baino ez dute beharko sariak lortzeko».
Goierri osoan birziklatzeko gailu desberdinak biltzen dituen mila poltsa banatuko dituzte; bost mila poltsa berrerabilgarri eta zazpi egonaldi nekazalturismoetan hain zuzen.
Karpak noiz?
Zumarraga eta Urretxun hauetako hirurehun «kit ekologiko» banatuko dituzte. Areizaga Kalebarren plazan jarriko dute karpa, hilaren 10 eta 11n eta Ezkio-Itsasoko herritarrek ere euren kupoiak bertan trukatzeko aukera izango dute. Ostiralean (hilak 10), 16:00etatik 19:00etara eta larunbatean (hilak 11) 12:00etatik 19:00etara. Legazpin ordutegi berdinarekin hilaren 17an eta 18an jarriko dute karpa, Euskal Herria plazan.
Kanpaina honi buruzko azalpen gehiago Sasieta Mankomunitateko webgunean aurkitu daitezke (www.sasieta.com). Gainera, kanpaina honi buruzko ikus-entzunezkoa ere ikusgai dago bertan. Kanpainak bi aste bete dituen honetan dagoeneko 580 lagunek ikusi dute bideoa.
############
sariak
Pitxarra. Ur ontziratuaren ordez kristalezko pitxarra plastikozko botila gutxiago erabiltzearren.
Bonbilla. Kontsumo baxuko bonbilla, besteek baino hamabi aldiz gehiago irauten dute eta argindarraren faktura %20ean jaitsi dezake. Etxeko bost bonbilla aldatuz gero, urtean 60 euro aurreztu daitezke. %75 argindar gutxiago kontsumitzen dute.
Ur-aurrezgailua. Ur kontsumoa %40-65ean gutxitu dezakeen gailua da. Etxeko kanilatara egokitu eta kontsumoa murrizteaz gain, ur beroarentzat behar den energia %30ean jeitsi dezakete.
Erosketatarako poltsa berrerabilgarria. Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera herritar bakoitzak plastikozko 230 poltsa erabiltzen ditu urtean. Horietatik %10 bat berrerabiltzen dira, beste guztiak zaborretara botatzen dira edo birziklatzera.
Sukaldeko olioa biltzeko filtroa. Olioa birziklatzen lagunduko duen filtroa da. Aurki herri guztietan jarriko dituzte olioa jasotzeko edukiontziak
Pilak biltzeko edukiontzia. Pilak edukiontzietara bota aurretik biltzeko ontzia.
############
Bihar lazkaon jarriko dute sarien karpa
Sasieta Mankomunitateak duela bi aste jarri zuen abian 'Birziklatzeak badu saria' kanpaina. Kanpainaren lehenengo urratsak Goierriko herrietan eman dituzte eta gaur Lazkaon jarriko dute sariak banatzeko karpa.
Kanpaina Beasainen hasi zuten, Lazkaon ere izan dira eta baita Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa, Idiazabal, Gabiria, Ataun edo Olaberrian ere izan dira. «Kanpaina Mankomunitateko herri guztietan egingo da, bai herri handietan baita txikietan ere» argitu du Marijo Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak.
Mankomunitateko lehendakari Juan Martin Aldaregiak adierazi duenez Goierri beheko herrietan larehun sari banatu dituzte jada eta guztira mila bat sari emateko asmoa dute. Birziklatzeko gailu eta objektuak biltzen dituen poltsaz gain, bost mila poltsa banatuko dituzte plastikozko poltsen erabilpena ahalik eta gehien sahiestearren. Gainera, nekazalturismoetan zazpi egonaldi ere zozkatuko dituzte.
############
Ikastaroa
Sendabelarren eta preparatuen ikastaroa
ORDIZIA, Lukusin plazako Gaztelekuan - 2008-11-18
Ikastaroa
Gizonezkoen sukaldaritza ikastaroa
ORDIZIA, Herriko elkarte batean - 2008-11-06
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.