Edukira joan

Goierriko Hitza

Segura
2008ko urriak 12, Igandea

;2008-07-06;GIZARTEA. Ogia egiteko prestatzen

Segura ðð Datorren asteburuan 'Segura, gure erroetan murgilduz' jaiaren barruan garia joko dute, eta ogia ere egingo dute. Atzo segurar talde bat bertako soroetan garia biltzen aritu zen.

Ogia egiteko prestatzen

estitxu imaz

Datorren asteburuan Segura, gure erroetan murgilduz jaia ospatuko dute Seguran. Denboran atzera egin eta Erdi Aroan murgilduko dira herritarrak. Garai hartako jantziak soinean janzteaz gain, hainbat etxe-ataritan lanbide zaharrak irudikatuko dituzte. Herriak itxura berezia hartuko du, eta kaleetan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte. Gari jotzea esaterako. Ogia ere egingo dute antzinako eran.

Horretarako guztirako garia behar izaten da ordea, eta azaroan, Santu Guztien Egunaren inguruan, erein zuten Segurako hainbat sorotan. Ordutik hona hura zaintzen aritu dira. Jesus Mari Intxaustik makina bat buelta eman du soroetara, belar txarrak kendu eta gariari jarraipena egitera. Txoriak izutzeko zintzilikariak ere jarrita dituzte. Kale aldeko soro batean, ordea, alferrik izan dira zintzilikariak, txoriek ia ale denak jan baitizkiete. Oraindik asko dago, hala ere. Guztira 400en bat kilo gari-ale dituzte.

Aurtengo garia «oso ona» atera da, «urte hauetan inoiz izan den onena». «Hirugarren urtea da garia egiten duguna, eta girorik txarrenarekin izan dugu onena. Lehen garia nola egiten genuen berriz gogoratzen eta berriz ikasten ari garelako izango da, beharbada. Lehendabiziko aldian garia egiten hasi ginenean pentsatzen genuen ia kasurik egin gabe ondo haziko zela, baina ez da horrela. Ondo zaindu behar izaten da», dio irribarrez Intxausti segurarrak.

Behin garia hazitakoan ebaki egin behar. Intxaustik jakitera eman duenez euriaren eta haizearen eraginez asko etzanda zegoen, eta etzandako guztia igitaiarekin ebaki behar izan zuten. Gainontzekoa segarekin. Intxaustiren hitzetan «biltzeko unean antz ematen zaio zerekin ebakita dagoen: igitaiarekin ebakitakoa askoz kuriosoago egoten da azaoak edo sorta txikiak egiteko. Hori bai, lana gogorragoa da, gerrietarako batez ere».

Garia ebakitzen Xepeño Agirre, Juan Intxauti, Xeberiano Intxausti eta Jesus Mari Intxausti aritu ziren. Biltzen talde handixeagoa, atzo goizeko bederatzietan hasita.

Biltzerakoan eskuekin gari sorta txiki bat hartu behar izaten da, handia hartuz gero nekezago lehortzen baita. Harrian jotzeko ere sorta handiagoa okerragoa izaten da.

Gari sorta horiei azaoak deitzen zaie, gazte askok hitz horren berri jakingo ez duten arren. Azao askorekin metak egiten dira. Meta txikiagoak lehendabizi eta handiagoak gero. Egun hauetarako euria iragarrita dagoenez, atzo bertan batu zituzten meta txikiagoak meta handiagoetan.

Euria egindakoan meta handiagoak eginez gero ertzetakoak bustitzen dira, baina barrukoak lehorragoak egoten dira. Intxaustik esandakoaren arabera lehenago ere modu horretan egiten zen.

Gero, garia jotzeko garaian eguzki beroa datorrenean denak zabalduta jartzen dira, elkarren gainean gurutzatuta, burua hobeto lehortzeko.

Euriak bustitako garia belztu egiten da kanpotik. «Barruko alea ere zerbait beltzagoa izango da, baina lehen behintzat dena aprobetxatzen zen. Hori dena apartatzen hasterik ez dago».

Seguran ereindako gariaren parte batekin ogia egingo dute Erdi Aroko jaiaren barruan. Beste guztia ere ez da alferrik galduko, ordea. Beste parte bat agian errotara eramango dute, eta oiloei ere emango diete. «Iaz oiloei eman genien. Eurek asko estimatuko dute, botikarik bota gabeko garia baita, guztiz ekologikoa».

Lehen ere ereiten zen garia Segurako soroetan

Seguran garia azkena Lastala baserrian egin zuten. Duela 30-35 urte. Baina gogoan du Intxaustik ume garaietan lan horretan ibili izana ere. «Gure ume garaietan Madurako soro hauetan garia egiten zen. Ni 14 urterekin idiekin eta goldan saio ikaragarriak egina naiz».

Egun ere gari ona ematen dute Madurako lurrek, nonbait. Nafarroako eta Arabako lur lehorretan ikusten da garia, garagarra eta beste zenbait labore. Baina Madurako gariak ez du besteen inbidiarik. Intxaustik esandakoaren arabera Madura beti izan da ona garia egiteko. «Gari-leku onak dira hauek. Nekazaritzarako leku aproposa da, nahiko laua eta lur onekoa. Lana errazago egiten zen aldapa handietan baino. Hori bai, aldapan ere asko ibiliak gara. Madurako lurrak landu egiten ziren eta belarretara aldapetara joaten ginen eta».

Egun zaila da Goierriko soroetan garia ikustea. Irudi hori Segurak Erdi Aroko Jaiari zor dio, zalantzarik gabe.

Agenda

Ospakizuna

Herri bazkaria
BEASAIN, Loinazko San Martin plaza azpian - 2008-10-12

Kirola

Herri kirolak
BEASAIN, Bideluze plazan - 2008-10-12

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.