
Euskara elkartekoak, pintxo lehiako irabazleak
Segura Urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, gazta, irabiasagarra eta intxaurrak zituen pintxoa saritu zuten epaileek.
e. imaz
Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara elkarteko ordezkariek, Oski Garaialdek, Lierni Elortzak eta Rafael Gerrikok irabazi zuten atzo I. San Joan Pintxo Lehiaketa.
Eguerdiko hamabietan Segurako plazan horretarako prestatutako mahaietan hasi ziren taldeak jaki gozoak prestatzen. Hiru talde zeuden izena emanda. «Ez da kopuru handiegia, baina hasiera da. Baldintzak zabaldu arren jendeak ez zekien zehatz-mehatz lehiaketa nolakoa izango zen. Dena den, datozen urteetan jende gehiago animatuko dela pentsatzen dugu», zioten antolatzaileek ekitaldi berriari buruz .
Sukaldariak prestaketa lanetan zihardutela, jende ugari inguratzen zen mahaietara haiek egindako lana ikusi eta gustuko pintxoa begiz jotzera. Parte hartzera zergatik ez zen animatu galdetuta, batek baino gehiagok zioen «nik prestatu ez, nik jan egingo ditut». Baina datorren urtean animatuko dela zioenik ere bazen, nola ez.
Kontuak kontu, ordubete pasatxoan lanean aritu eta gero ordubata eta laurden aldera mahaietan jartzen joan ziren prestatutako pintxo guztiak.
Baldintzek hala eskatuta, pintxo hotzak ziren guztiak. Lau mota desberdinetako pintxoak egin behar izan zituen talde bakoitzak. Hiru mota egiteko osagaiak zehaztuta zeuden. Batean arrautza egosiak, txaka, hegaluzea, letxuga eta tomatea erabili behar zituzten. Bigarrenean urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, hiru gazta mota, irabiasagarra eta intxaurrak; hirugarrena egiteko, berriz, pipermina, antxoak eta olibak, nahitaez.
Laugarren pintxo mota egiteko osagaiak norberak aukera zitzakeen, eta guztiak egiteko mahonesa, hiru ogi mota, tipula, baratxuria, olioa eta gatza zituzten.
Epaile lanetan Segurako tabernetako sukaldariak aritu ziren. Euren lana itxurarik onena zuen pintxoa aukeratzea.
Minutu batzuk hartu zituzten pintxo guztiak begiratzeko, eta guztien artean Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara taldeko ordezkariek egindako pintxoa saritzea erabaki zuten.
Saritutako pintxoa nola egin zuten azaldu zuten irabazleek. Lehendabizi Roquefor gazta eta beste gazta bat nahastu eta orea egin zuten. Lierni Elorzak azaldu zuenez Roquefor gazta bakarrik erabilita jakia fuerteegia izango litzateke, eta horregatik nahastu zioten bestea. Gero urdaiazpikoa eta York urdaiazpikoa txiki-txiki egin eta oreari nahastu zioten; ogiaren gainean jarri eta irabiasagarra, intxaur pusketak eta Idiazabal gazta jarri zizkioten gainean, itxura zainduz. Pintxo hori egin izanagatik, irabazleek oroigarria eta «lehen mailako jatetxe batean» bazkaria eskuratu zituzten.
Txapelketa
I. Mendi lasterketa
URRETXU, Zumarraga-Urretxun - 2008-10-12
Zinema
Asesinato justo filmearen emanaldia
BEASAIN, Usurbe Antzokia - 2008-10-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.