Edukira joan

Goierriko Hitza

Segura
2008ko abuztuak 28, Osteguna

;2008-06-25;FESTAK. Egun handia ospatu dute segurarrek

Egun handia ospatu dute segurarrek

Festak Atari eta balkoi ederrenei sariak banatu zizkieten atzo Seguran, eta baita herriko kirolari txapeldunei ere. Herri kirol lehia izan zen gero.

estitxu imaz

Jende asko irten zen atzo kalera San Joan eguna ospatzeko asmoz Seguran. Gehienak helduak, haurrak eta gurasoak ziren, aurreko egunean parranda eginda gazte asko oraindik lo baitzegoen.

San Joanen irudiarekin egindako prozesioaren eta mezaren ondoren eguerdiko hamabietan Arabarren Plazan bildu zen jendea. Aspaldiko ohiturari jarraituz Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek agurra egin zuten udaletxeko balkoitik.

Herriko txistularien eta txikien eta handien abesbatzen emanaldiak ere izan ziren. Eta segidan atari eta balkoi ederrenen sariak banatu zituzten. Balkoiei dagokienez lehenengo saria Arantxa Aburuzak eskuratu zuen, Jakoba Errekondo eta Asier Galdos adituen ustez «Lardizabal kaleko bere balkoian udaberriko landareekin konbinazio aparta osatzeagatik, herriko beste inork baino lore ederragoak izateagatik eta balkoia goian izan arren loreen edertasunarengatik ikusgarri egiteagatik».

Bigarren saria Alicia Sousak eraman zuen, «Unzurrunzaga kaleko etxe dotorearen fatxada urdinarekin lore konbinazio aparta osatzeagatik».

Kale Nagusiari ere aipamen berezia egin zioten epaimahaiko kideek, «urtetan kalea dotoretu eta kolorez janzteko bertako bizilagunek egindako saiakerarengatik».

Atarietako sariei dagokienez, berriz, irabazlea Nerea Zubizarreta izan zen: «Lastala baserriaren ateaurre dotore eta eredugarriarengatik. Besteak beste, egurraren erabilera eredugarria, iturria, etxe ataria, lorategia, fatxada eta harriarengatik».

Bigarren saria Lexakako Loren Aristimuñok jaso zuen, «etxe ingurua, hara iristeko bide ertzetik abiatzen dela kontutan hartzeagatik. Etxe inguruan ere landare bereziak eta ongi zaindutako elementuak izateagatik».

Aipamen berezia Landarregi Txikiko Jose Jabier Ormazabalek eta Aldata Barrenako Dominika Ernandorenak jaso zuten.

Sari banaketaren ondoren hamaiketakoa egin eta sabela betetzeko aprobetxatu zuten Arabarren Plazan bildutakoek.

Herriko kirolari txapeldunei sariak eman zizkieten

Ordubatean plaza nagusian herriko kirolari txapeldunak saritu zituzten: Xepeño Agirre, Martxelino Agirre, Iñaki Elorza, Asier Korta, Jon Gisasola, Aimar Intsausti, Jokin Sarasola, Eneko Agirrezabal eta Laiotzeko mutil taldea.

Bukaeran Nafarroako eta Gipuzkoako txapeldunen arteko herri kirol lehiaz gozatu ahal izan zen. Diferentzia txikiarengatik baina nafarrak gailendu ziren.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.