Edukira joan

Goierriko Hitza

Segura
2008ko abuztuak 28, Osteguna

;2008-06-24;KULTURA. Eneko Gil eta Nerea Vesga dira Euskal Herriko dantza txapeldunak

Eneko Gil eta Nerea Vesga dira Euskal Herriko dantza txapeldunak

Kultura Bigarren Igartua eta Baseta geratu ziren; Goierriko Intxaustik eta Maizak bikote gazteenaren saria eskuratu zuten.

estitxu imaz

Igande arratsaldean jokatu zen Euskal Herriko Dantza Txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan, eta Errenteriara joan zen txapela. Epaimahaiko kideek lau puntu baloratu zituzten: erritmoa, berdintasuna, zailtasuna eta osotasuna. Horiek kontuan hartuta Eneko Gil eta Nerea Vesga izan ziren euren ustez mailarik onena erakutsi zuten dantzariak.

Gil eta Vesga dira, beraz, aurten Nestor Basterretxeak egindako eskultura eskuratu dutenak. Eskultura hori lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen udaletxean, kasu honetan Errenteriakoan, gordeko dute hurrengo txapelketa egin arte. Udala sariaren jabe egiteko bikote horrek hiru aldiz segidan edo bost urtez txandan irabazi beharko du txapelketa. Basterretxearen beraren eskutik jaso zuten oroigarria. Horrez gain, txapela eta lepokoa, 700 euro eta oroigarria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko garaikurra eta Eroski Bidaiek emandako lau bidaia eskuratu zituzten.

Bi dantzariak oso gustura agertu ziren titulu preziatuarekin. Urte askoan helburu txapelketa hori irabaztea izan dutela adierazi zuen Gilek, eta gogor prestatu direla horretarako. «Azkenean lortu dugu», gaineratu zuen errenteriarrak.

Bigarren postuan Mikel Igartua eta Ibane Baseta bergararrak geratu ziren. Eurek 500 euro eta oroigarria jaso zituzten; eta hirugarren saria, berriz, Bizkaira joan zen. Arkaitz Pascuasek eta Nagore de las Cuevasek 400 euro eta oroigarria eraman zituzten.

Guillermo Areizaga saria (dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzaile izan zenaren omenez) Karlos de Las Heras eta Oroitz Bilbaok (Sestao) jaso zuten. Sari hori lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatutako bikotearentzat izan ohi da. Dantzariek pozik eskuratu zuten garaikur hori.

Bikoterik gazteenaren saria Goierrin geratu zen. Jon Intxausti ordiziarrak eta Iera Maiza olaberritarrak osatutako bikoteak etxeratu zuen izendapen hori.

Dantzarien lanaz gain jantzirik dotoreenak ere baloratu zituen horretarako bereziki izendatutako epaimahaiak. Lehenengo saria Xabier Segurak eta Lierni Martiarenak (Hernani) jaso zuten. Bigarren jantzirik dotoreenak Carlos de las Herasek eta Oroitz Bilbaok (Sestao) zituztela erabaki zuten.

Omenaldia Joxe Juan Ugalderi

Herenegun Euskal Herriko Dantza Txapelketa aprobetxatu zuten Joxe Juan Ugalderi omenaldia egiteko. Ugalde dantzari izana da. Lurdes Esnaola bikote zuela hiru aldiz jarraian izan zen Euskal Herriko Dantza Txapelketaren irabazlea, 1981, 1982 eta 1983. urteetan.

Dantza Txapelketako epaile lanetan aritua, azken urteetan Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea izan da. Dantzari lotuta egindako ibilbidearengatik omenaldia jaso zuen herenegun. Ugalde hunkituta eta urduri agertu zen «horrenbeste txalo jaso duen eszenatoki horri» eta publikoari eskerrak emanez.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.