
2007-12-06 | 15:43:52
San Nikolas Txiki eguna ospatu dute Seguran
Goiz osoan zehar herriko kaleetan ibili dira haurrak, kantu eskean
Kantatu eta gozokiak jaso. Horrela ibili dira goiz osoan Segurako haurrak. San Nikolas Txiki eguna izan dute gaur, eta ohitura mantenduz, kantu eskean atera dira dozenaka haur. Etxeetako balkoietan, herritarrak zain zituzten, eta kantua bukatu orduko, gozoki zaparrada botatzen zieten, umeen gozamenerako. Arratsaldean, jolasak eta buruhandiak izango dituzte, Gazte Asanbladak antolatuta.
2007-11-28 | 12:19:37
Sutea izan da Diputazioaren Segurako adin txikikoen aterpean
Antza denez harrera egoeran dauden gazteek eurek eman zioten su areto bati
Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera-aterpean zenbait kalte izan ziren astelehen arratsaldean, sute batek eraginda. Diputazioaren zaintzapean dauden adin txikiko etorkinek eurek sorrarazi zuten sutea antza denez, telebista ikusteko gela batean, Aingeru Goardakoaren Aterpeak duen etxeorde batean. Kalte pertsonalik ez zen izan, eta sua Ordiziako parkeko suhiltzaileek itzali zuten.
2007-11-20 | 19:31:07
IV. Ipuin, bertso eta marrazki sariketa egingo da Elorri elkarteak antolatuta
Lanak entregatzeko azken eguna abenduaren 14a izango da eta sariak hilaren 22an banatuko dituzte herrian
Segurako Elorri kultur elkarteak aurten laugarren aldiz ipuin, poema eta bertso sariketa jarri du abian, Herri bakoitzak, bere mitologia! Euskal Herriak berea! Olentzero! lelopean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez euskara eta eukal kultura suspertu eta indartu nahian egiten dute lehiaketa hori. Aurten ere ekimena ahalik eta gehien zabaltzeko asmoarekin jarraituz Segura, Zerain eta Mutiloako haur eta gaztetxoengana iristeaz gainera, Iparra-Hegoa aste kulturalean partaide izan dituzten ikastola eta herri eskoletara hedatu nahi dute ekintza, baita bertso eskoletara eta bertsoa lantzen duten Goierriko beste eskoletara ere. «Horrela, Euskal Herriko herrialde eta eskualde desberdinetako haurren esamolde eta euskalki desberdinez elkar ezagutu eta aberasteko egokiera izango dugu».
2007-11-14 | 16:45:55
Kontseiluak eta Segurako Udalak hitzarmena sinatu dute
Herriko entitateen artean euskararen normalizazioa bultzatzeko asmoarekin, lankidetza hitzarmena sinatu dute Kontseiluak eta Segurako Udalak. Bai Euskarari Akordioaren dinamikan parte hartu duen Goierriko hirugarren udaletxea da Segurakoa, Ordiziaren eta Idiazabalen atzetik. Segurak, Euskara Biziberritzeko Plana jarri du martxan aurten, eta proiektu honen barruan, "herriko entitateen normalizazioa bultzatzeko helburu duen ekintzak" adostu dituzte, gaurko hitzarmena jarri dute honen adibidetzat. Bideoan, Maixabel Telleria Segurako alkatea eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia.
2007-11-13 | 19:39:05
Hogeita bat adin txikiko atzerritar daude orain Segurako aterpetxean
Urriaren bukaeratik daude bertan eta Tolosako harrera zentroa konpondu bitartean egongo dira
Hogeita batera iritsi da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Segurako aterpetxean dauden adin txikiko atzerritarren kopurua. Maixabel Telleriak Segurako alkateak jakitera eman digunez duela aste bat 19 zeuden. Dena den bagenekienkopuru hori aldatuz joango zela». Guztiak gizonezkoak dira eta marrokiarrak. Urriaren bukaera aldera joan ziren Segurako aterpetxera Tolosako Adin Txikiko Atzerritarrentzako Harrera Zentroan lanak egiten ari baitira. Aldunditik jakinarazi dutenez hango obrak bukatzen dituztenean adin txikiko atzerritarrak Tolosara bueltatuko dira.
2007-10-08 | 09:23:37
Etxean dira ostegunean atxilotutako hiru segurarrak
Bart goizaldean ongietorri jendetsua egin diete herritarrek
Osteguneko polizia operazioan atxilotutako hiru goierritarrak etxera itzuli ziren atzo. Iban Berasategi eta Xabier Albisu, kargurik gabe aske gelditu ziren atzo, Garzon epailearen aurrean deklaratu ondoren. Bart goizaldean, ongietorri jendetsua egin zieten herritarrek, Segurako plazan. Kuxkuxtu txarangako kideak ere bertan izan ziren, giroa alaituz. Egoitz Apaolaza ere atzo itzuli zen etxera, Garzon epaileak fidantzapeko askatasuna eman ondoren. Osteguneko operazioan atxilotu zituzten 23 lagunetatik 17 bidali zituen kartzelara Baltasar Garzon epaileak. Guztiei, "tregoaren hausturaren ondoren, ETArentzako babes politiko eta sozialerako estrategia" definitzea leporatzen die.
2007-10-05 | 00:07:46
23 lagun atxilotu dituzte Seguran, tartean Batasunaren Mahai Nazionaleko kideak
Miaketak egiten ari da Espainiako Polizia hiru atxilotu segurarren etxeetan
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Polizia Nazionalak 23 pertsona atxilotu ditu atzo gauean Seguran, orain arte uste zen kopurua baino bat gehiago, tartean Batasunaren Mahai Nazionaleko kideak. Aurreneko atxiloketa Olaberriko Carrefour saltokiaren parean izan zen; Joseba Permach eta Joan Joxe Petrikorena zihoazen autoa geldiarazi eta biak atxilotu zituzten poliziek. Aldi berean, gaueko 21:30ak aldean, Segurako bi sarrera-irteerak itxi egin zituzten, errepide kontrolak jarriz. 01:30 aldera utzi du Poliziak Segura, bizilagunen "alde hemendik" eta "utzi bakean" oihuen artean. Goizean, ordea, hiru atxilotu segurarren etxebizitzak miatzeari ekin dio.
2007-07-06 | 21:05:09
'El Mundo' egunkaria zigortu dute segurar bati buruz publikatutako informazioagatik
Segurar baten "ohore eskubidea urratzeagatik" informazioa zuzentzera eta kalte-ordaina ematera behartu dute egunkaria
Rafael Berasategi segurarraren ohore eskubidea urratzeagatik zigortu dute 'El Mundo'. Egunkariak 15.000 euro ordaindu beharko dizkio Berasategiri, eta epaiaren sententzia bere egunkariaren edizio guztietan eta webgunean publikatu beharko du. Sententziaren inguruko aipamena egunkariaren azalean ere sartu beharko du.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.