
2008-06-25 | 18:41:26
Euskara Elkartekoek irabazi dute I. Pintxo Lehiaketa
Urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, gazta, irabiasagarra eta intxaurrak zituen pintxoa saritu dute epaimahaiko kideek
Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara elkarteko ordezkariek, Oski Garaialdek, Lierni Elortzak eta Rafael Gerrikok irabazi dute gaur goizean San Joan I. Pintxo Lehiaketa. Lau mota desberdineko pintxoak egin behar izan dituzte. Hiru mota egiteko osagaiak zehaztuta zeuden. Batean arrautza egosiak, txaka, hegaluzea, letxuga eta tomatea erabili behar zituzten. Bigarrenean urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, gazta (hiru mota), irabiasagarra eta intxaurrak eta hirugarrena egiteko berriz pipermina, antxoak eta azeitunak. Laugarren pintxo mota egiteko osagaiak norberak aukeratu zitzakeen. Eta guztiak egiteko mahonesa, ogia (hiru mota), tipula, baratxuriak, olioa eta gatza zituzten. Epaile lanetan herriko tabernetako sukaldariak aritu dira. Euren lana itxurarik onena zuen pintxoa aukeratzea. Minutu batzuk hartu dituzte pintxo guztiak begiratzeko eta guztien artean Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara taldeko ordezkariek egindako pintxoa saritzea erabaki dute.
2008-06-23 | 00:23:06
Eneko Gilek eta Nerea Vesgak irabazi dute Euskal Herriko Dantza Txapelketa
Errenteriako bikotea nagusitu da Segurako txapelketaren XXXII. Urtean
Azkenean hamar bikotek parte hartu zuten atzo XXXII. Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Segurako pilotalekua bete egin zen beste behin ere, dantzarien saioa ikusteko. Txapela, epaimahaiak aho batez hala erabakita, Errenteriako Eneko Gilek eta Nerea Vesgak jantzi zuten. Haiekin batera, beste bi bikote sailkatu ziren finalerako: Bergarako Mikel Igartua eta Ibane Baseta, eta Sestaoko Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas.
2008-05-12 | 17:12:49
Gorka Olaizolak irabazi du Gurutz Deunaren XXXIV. Txirrindulari proba
2 ordu, 19 minutu eta 8 segundu behar izan zituen ibilbidea bukatzeko; bigarrenari, Mujikari 56 segundu atera zizkion
Junior mailako XXXIV. Gurutz Deunaren txirrindulari proban Gorka Olaizola izan zen lehendabizikoa helmugan sartzen. Viveros San Anton taldeko txirrindulariak 2 ordu, 19 minutu eta 8 segundu behar izan zituen ibilbidea bukatzeko eta ia minutuko aldea atera zion bigarrenari, Aritz Mujikari.
2008-05-08 | 15:05:36
Segurak Gurutz Deunaren txirrindulari proba hartuko du igandean
Junior mailako txirrindulariek, 16:00etan hasita 86,50 kilometro egin beharko dituzte helmugan sartu aurretik
Segurak, Javier Ormazabalen oroimenez egiten den Gurutz Deunaren proba hartuko du igandean. Aurten egiten duten 34. aldia da eta junior mailako txirrindulariek aritu beharko dute norgehiagoka. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuko du proba, Segurako Udala, Segura Irratia, Gurutze Gorria eta hainbat enpresa eta tabernaren laguntzarekin. Probari arratsaldeko lauretan emango diote hasiera Segurako herrigunetik bertatik. Helmugan sartu aurretik 86,50 kilometro egin beharko dituzte txirrindulari gazteek.
2008-04-22 | 18:44:15
Segurako Udalak 2.800.000 euroko aurrekontua onartu du aurtengorako
Udaletxeko eraikinean obrak egiteko 200 mila euro bideratuko dituzte eta Hirigintza Plana egiteko 90 mila euro
Segurako Udalak 2.800.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo urtean udal gastuei eta inbertsioei aurre egiteko. Horrela erabaki zuten Segura Lantzeneko 6 zinegotziek osoko bilkuran. EAE-ANVko 3 hautetsiek ez zuten onartu aurrekontua. Aurrekontuaren barruan inbertsiorik garrantzitsuena udaletxeko eraikinean egingo dute. Maixabel Telleria Segurako alkateak jakitera eman duenez «udaletxeko eraikinari teilatua eta teilatu hegala konpontzeko asmoa dugu. Teilatua jada zaharkituta dago eta teilatu hegaleko egurra berriz ustelduta». Eraikuntzako solairuetan irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarriko diote. Udaletxearen atarian eraikiko dute, eskaileretako hutsunea aprobetxatuz. Diruaren aldetik inbertsiorik handiena ez izan arren garrantzi berezia dute Hirigintza Plana egiteko bideratuko dituzten 90.000 euroek. Alkateak jakinarazi duenez «plana egiteak etorkizunean nolako Segura nahi dugun zehazten lagunduko digu». Hilerrian konponketak egiteko 30.000 euro bideratuko dituzte. Lehengo nitxoen ondoan 12 nitxo berri eraikitzeko asmoa dute. Kolunbarioak eta hezurtokiak ere egingo dituzte, errauts eta hezurrentzat. Atseden elkartea zaharberritzeko 12. 000 euro jasotzen dira aurrekontuan.
2008-03-18 | 17:29:35
Dena prest dute Seguran aste santuko prozesioa ospatzeko
350 herritarrek parte hartuko dute ostegun eta ostiral santuko prozesioetan
Gipuzkoan mantentzen diren prozesio bakarretakoa da Segurakoa, eta aurten ere, 350 bat herritarrek parte hartuko dute. Ostegun eta ostiralean, arratsaldeko 18:15ean aterako dira Segurako elizatik. Aurreko egunetan, 40 bat herritar aritu dira santuak txukundu eta pasoak muntatzeko lanetan. Entseguak ere egin dituzte txistulari, tronpetajole eta musika bandek. Dena prest dute dagoeneko, eta eguraldiak laguntzen badu, Seguran jendetza biltzea espero dute aurten ere.
2008-02-07 | 17:52:11
Segurako Aingeru Goardakoa aterpetxean sutea sortu da, eta kalte handiak eragin ditu
Bigarren solairua eta teilatua erabat kiskali dira; nahita eragindakoa izan liteke
Gaur arratsaldeko 17:00ak aurretxoan sutea piztu da Segurako Aingeru Goardakoa aterpetxean. Eraikinaren azken solairua (beheko oina eta beste bi solairu ditu) eta teilatua izan dira kaltetuenak, eta teilatua behera etorri da. Ordiziako suhiltzaile parkeko hiru unitate, lau kamioirekin, bertan ari dira sugarrak kontrolatzeko ahaleginetan.
2008-01-21 | 14:14:48
Seguratik Zegamarako errepidea berritzen aurki hasiko dira
Obra egiteko enpresak izendatu ditu Foru Aldundiak
Seguratik Zegamara bitarteko Gi-2637 errepidea berritzeko obrak hastea soilik falta da. Lanak egingo dituzten enpresak izendatu ondoren, lehen zatiaren lizitazio prozesua bukatu da. Construcciones Donosti eta Urbanizaciones Iruñea enpresek burutuko dute 1,8 kilometroko bide zatiaren lehenengo eraberritzea. Bigarren zatia berritzeko proiektua ere izendatu du Foru Aldundiak, 135.000 euroko aurrekontuarekin. Gain enpresak 8 hilabetean aurkeztu beharko du fase horren proiektua.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.