
2009-06-19 | 15:46:06
Aseguruak euskaraz egin ahal izateko kanpaina jarri dute martxan Seguran
Euskara taldeak eta Udalak bat egin dute Kontseiluak, Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak abiatutako kanpainarekin
'Euskaraz seguruago' lelopean aseguru-etxeetan eragin eta jendeak aseguruak euskaraz egin ahal izateko kanpaina jarri dute abian, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak. Seguran Hitz edo irri... Euskaraz Elkarri euskara taldeak eta bertako Udalak bat egin dute kanpaina horrekin eta beraz, Seguran ere martxan jarri dute. Horrela, norbanakoak, herriko enpresak, saltegiak eta bestelako entitateak euren aseguruak euskaratzera gonbidatu dituzte. «Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, hizkuntzarentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi baititugu, bizitza euskaraz normaltasunez egiteko».
2009-05-02 | 16:20:55
Giro jatorrean eman diete hasiera segurarrek Santikutz jaiei
Mokadua, Ume eta Helduen Toka Lehiaketak eta bazkaria egin dituzte gaur; bihar txirrindulari porba jokatuko da.
Gaur beheko auzoan elkartu dira segurarrak Santikutz jaiei hasiera emateko. Urtero bezala, aurten ere bi egunetarako egitaraua prestatu dute. Ez dira festa luzeak beraz, baina giro jatorrean igarotzen dituzte bertakoek. Eguerdiko hamabietan meza izan da Beheko Kurutzan eta ondoren mokadutxoa egiteko aukera izan dute auzora hurbildutakoek. Bertako bizilagunak izan dira gainera, erosketak egin, jakiak prestatu eta zerbitzatu dituztenak. Guztira hamar bat laguneko taldea ibili da prestaketa lanetan.
2009-02-02 | 16:10:34
Jose Antonio Blanco 'Txuri' ordiziarrak jantzi du Euskadiko txapela Seguran
Goierriko korrikalariak aurrealdeko postuetan ibili dira maila guztietan
Jose Antonio Blanco Txuri atleta ordiziarrak Euskadiko eta Euskal Herriko txapelak jantzi zituen atzo, Segurako proban. Blancorekin batera, asko izan dira aurreko postuetan ibili diren goierritarrak; taldekako Euskadi eta Euskal Herriko txapelak ere Txindoki atletismo taldeak irabazi izana da horren adibide. Emakumezkoen maila nagusian berriz, Raquel Llamas arabarrak jantzi zuen txapela eta Ainhoa Sanz urretxuarra bigarren izan zen. Azkenik, beteranoen mailako lasterketa Goierri Garaia taldeko Ramon Otegik irabazi zuen, eta emakumezkoetan, bigarren postua egin zuen Elena Calvillok.
2008-12-20 | 18:25:42
Guztira 164 lan aurkeztu dituzte Ipuin, Bertso eta Marrazki Sariketara
Elorri kultur elkartekoek atzo banatu zituzten sariak, aipamenak eta parte hartzaile bakoitzarentzako opariak Segurako kultur etxean
Elorri kultur Elkarteak, Segurako Udalaren laguntzarekin antolatutako V. Ipuin, Bertso eta Marrazki Sariketara guztira 164 lan aurkeztu dituzte ikasleek. Horietatik 82 ipuinak dira, 21 bertsoak eta 61 marrazkiak. Segura, Zegama eta Urretxuko herri eskolako haurrek, Ziburuko kolegiokoek eta Urruñako ikastolako ikasleek parte hartu dute lehiaketan. Atzo, Elorri kultur elkarteko kideek Segurako kultur etxean banatu zizkieten haurrei sariak eta aipamenak, gurasoen begiradapean. Parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxo bana ere prestatu zituzten antolatzaileek. Sari banaketaren ondoren hamaiketakoa egin zuten Elorri elkartean.
2008-11-05 | 12:48:30
Idiazabal-Zegama bitartean bidegorria eraikitzeko hurrengo urratsa Seguran egingo du Foru Aldundiak
Madurako zatia eta Idiazabal-Segura lotuko ditu 300 metroko bidegorri berriak
Goierriko bidegorri sarea luzatzeko beste obra bat gauzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009an. Seguran eraikiko dute txirrindularientzat bide zati berria, gaur egun eginda eta erabilgarri dauden beste bi zati lotzeko. Segurako Maduran (egina) eta Idiazabal-Segura bitartekoa (egina) lotuko ditu 300 metroko bidegorri berriak. Horrez gain, 2009an Segura-Mutiloa (2,5 km) bidegorria egiteko asmoa ere badu Diputazioak.
2008-11-03 | 18:02:52
Literatur tertuliak egingo dituzte Seguran irakurzaletasuna bultzatzeko
Sei lagunek eman dute izena eta abenduan egingo dute lehen tertulia; interesa duenak izena eman dezake oraindik
Seguran Piztu!, euskaldunon kontzientzia piztu arazteko kanpainaren barruan, Literatur Tertuliak egingo dituzte. Helburuak, herritarren irakurzaletasuna sustatzea eta bide batez, euskarazko liburuak kontsumitzea dira. Aitor Calvillo Segurako EBPNaren kudeatzaileak esan duenez, sei lagunek eman dute izena eta taldea jada osatuta dago. Abenduan egingo dute lehendabiziko tertulia. Dena den, ekimen horretan parte hartzeko interesa duenak oraindik ere eman dezake izena, Calvillori 649 01 12 62 telefono zenbakira deituta.
2008-07-12 | 20:27:32
Erdi Aroko festarekin bere erroetara itzuli da Segura
Eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, festak aurrera darrai
Laurehun bat herritarrek parte hartu dute Segurako Erdi Aroko festaren aurreneko egunean. Euri eta lanbro, eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, giro onean ospatu ahal izan dute arratsalde parteko jaia. Guztira, hogeita hamabost erakustoki jarri dituzte, atari , lanbide eta tailerren artean. Erdi Aroko Segura nolakoa zen irudikatzeko, gari biltegia, sutegia, ehulegileak, arotzak edota harginak zeuden batean eta bestean. Baina lanbide zaharrak ez ezik, garai hartako maila sozial ezberdinetako pertsonaiak ikusteko aukera egon da. Noblezia, inkisizioa, sorginak, eskribaua edota eskaleak ere berpiztu eta herriko kaleetan barrena ibili dira gaur.
2008-06-25 | 18:41:26
Euskara Elkartekoek irabazi dute I. Pintxo Lehiaketa
Urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, gazta, irabiasagarra eta intxaurrak zituen pintxoa saritu dute epaimahaiko kideek
Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara elkarteko ordezkariek, Oski Garaialdek, Lierni Elortzak eta Rafael Gerrikok irabazi dute gaur goizean San Joan I. Pintxo Lehiaketa. Lau mota desberdineko pintxoak egin behar izan dituzte. Hiru mota egiteko osagaiak zehaztuta zeuden. Batean arrautza egosiak, txaka, hegaluzea, letxuga eta tomatea erabili behar zituzten. Bigarrenean urdaiazpikoa, York urdaiazpikoa, gazta (hiru mota), irabiasagarra eta intxaurrak eta hirugarrena egiteko berriz pipermina, antxoak eta azeitunak. Laugarren pintxo mota egiteko osagaiak norberak aukeratu zitzakeen. Eta guztiak egiteko mahonesa, ogia (hiru mota), tipula, baratxuriak, olioa eta gatza zituzten. Epaile lanetan herriko tabernetako sukaldariak aritu dira. Euren lana itxurarik onena zuen pintxoa aukeratzea. Minutu batzuk hartu dituzte pintxo guztiak begiratzeko eta guztien artean Hitz edo Irri... Euskaraz Elkarri euskara taldeko ordezkariek egindako pintxoa saritzea erabaki dute.
Behe Bidasoako Hitzaren aurkezpen bideoa
Behe Bidasoako Hitza
Erakusketa
XVI. mendeko jantzien erakusketa
SEGURA, Ardixarra etxean - 2009-06-15
Datua
333 haur
Etorri dira Txernobil ingurutik Euskal Herrira, horietatik 8 Goierrira. Hitza
Txindokiko desafioa
Abaltzisketako plazatik Txindoki gainera korrika igotzeko desafioa hirukoteak irabazi du, Xabier Lasari minutu soil bat aterata. Hitza
Goierri
Peio Gonzalez Foru Ogasuneko Diputatuak jakinarazi duenez, telefono bat jarriko dute iruzur zantzuak sumatzen dituzten herritarren eskura, iruzurtiak sala ditzaten. Zer iruditzen zaizu ekimena? iruzur zantzurik sumatu al duzu zuk? nolakoa?
Jasotako azken mezua:
2009-07-01
Bera hasi dadila ejenploa ematen, bere inguruan izango du zer salatu! ...(+)
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.